
2007-10-01 | 12:42:08
Telefono hariak lapurtzen saiatzeagatik gizonezko bat atxilotu dute
Zaldibian 200 bezero telefono zerbitzurik gabe daude, beste lapurreta baten eraginez
Gabiriako udal barrutian 45 urteko JC.V.V. gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak herenegun (larunbata) arratsaldean, telefono lineako hariak lapurtu dituelakoan. Atxilotuarekin batera kide gehiago ere bazeuden, baina ihes egitea lortu zuten. Beasaingo ertzainetxean aurreneko dilijentziak egin ondoren libre geratu zen. Bestetik, atzo (igandea) beste lapurreta bat izan da Zaldibian. Han ere haria harrapatu dute, eta 200 bezero telefono eta internet zerbitzurik gabe geratu dira.
Atxiloketa larunbat arratsaldeko 17:30 inguruan gertatu zen, herritar batek inguruan zebilen ibilgailu baten susmoa hartu eta abisu eman zuenean. Telefono lineako zenbait poste lurrera botata zeuden, eta haria bertan zegoen. Inguruan lagun batzuk ikusi zituzten ertzainek, eta haietako bat harrapatzea lortu zuten, JC.V.V., gainontzekoek ihes egitea lortu zuten bitartean.
Atxilotuaren ibilgailuan telefono haria lortzeko erabil daitekeen materiala zegoen: hiru aizkora, bi zerra, giltza mota batzuk, buruestalki bat eta eskularruak. Kotxerako bost irrati ere bazeuden, eta haien jatorria ikertzen ari da polizia. Ikuskapen horren ondotik atxilotu egin zuten, telefono haria lapurtu eta kalteak eragin izana leporatuta.
Arratsaldean bertan aske geratu zen atxilotua, epaitegian eskatzen zaionean aurkezteko baldintzarekin. Ertzaintzak jakinarazi duenez ekintzan zerikusia duten beste kideak identifikatzeko ikertzen ari da, baita autoan zeuden irratien jatorria argitzeko ere.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.