
2008-04-03 | 15:41:23
Larunbatean jokatuko da Aztiri bertso sariketa, Osinalderako lehen saio baliagarria
Hurrengo bi asteburuetan Ordizian eta Idiazabalen izango dira bertso saioak
Aztiriko (Gabiria) bertso sariketarekin abiatuko da aurten bertsolari gazteei zuzendutako lehiaketa sorta. Aztiri-Bat elkartean, larunbatean, sei lagunek kantatuko dute, eta bi sailkatuko dira Gabiriako Osinalde sariketako finalerako. Ondoren, apirilaren 12an Ordizian Argi Berri sariak, eta apirilaren 18an Idiazabalen Axari sariak osatuko du azken finalerako seikoa. Osinalde sariketa apirilaren 26an da.
Afariekin lagunduta izango dira kanporaketa funtzioa duten hiru saioak, finala bezalaxe. Irabazle bana izendatuko dute sariketa bakoitzean, Aztirian, Ordizian eta Idiazabalen, eta horrez gain beste bertsolari bana sailkatuko da Osinalderako.
Lehen hitzordua, Aztiri saria, larunbat honetan, apirilak 5, jokatuko da, Gabiriako Aztiria auzoko Aztiri-Bat elkartean. 20:30ean da afaria, eta ondoren entzun ahalko da bertsolarien jarduna.
Aztirian kantatuko duten sei bertsolariak hauek dira: Beņat Iguaran (Villabona), Unai Gaztelumendi (Aņorga), Manu Goiogana (Irun), Karmele Mitxelena (Oiartzun), Itsaso Paia (Getxo) eta Julio Soto (Gorriti).
Apirilaren 12an, hurrengo larunbatean, Ordiziako Argi Berri elkarteak hartuko du lehiaketa sortako bigarren saioa. Oier Aizpurua (Zarautz), Alaia Martin (Oiartzun), Jokin Sudupe (Gabiria-Azkoitia), Alazne Untxalo (Ituren), Aitor Urbieta (Zarautz), eta Maialen Velarde (Zumaia) ariko dira bertsotan. Hain zuzen, Gabirian bizi izandako Sudupe da aurten 18 bertsolarien artean goierritar bakarra; gaur egun Azkoitian bizi da.
Azken kanporaketa Idiazabalgo Axari elkartekoa izango da. Apirilaren 18an, ostiralarekin, jokatuko da, afal ondoren. Honako partaideekin: Uxue Alberdi (Elgoibar), Patxi Iriart (Hiriburu), Hodei Iruretagoiena (Zarautz), Mizel Mateo (Bidarrai), Izar Mendiguren (Laudio), eta Jone Uria (Getxo).
Bina sailkatuek apirilaren 26an jokatuko dute Osinalde saria, Gabiriako izen bereko elkartean.
Iaz Aitzol Barandiaran ataundarrak irabazi zuen Osinaldeko sari entzutetsua. Aurtengo bertsolari zerrendan 11 gipuzkoarrak dira, bi bizkaitarrak, bi nafarrak, bi lapurtarrak eta bat arabarra.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Aitzol Barandiaran, Osinalde sariketaren azkeneko irabazlea. Argazkia: Jesus Artola.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.