
2007-12-18 | 16:33:02
Kamioi gidari bat hil da Gi-632 errepidean, Gabiria parean izandako istripu batean
Eguerdian irauli da trailerra, eta zirkulazioa moztuta dago bi aldeetara
Gaur eguerdiko hamabietan kamioi batek istripua izan du Gi-632 errepidean (Zumarraga-Beasain autobidea), eta gidaria, 49 urteko gizonezkoa, hil egin da. Gabiriako udal barrutian izan da ezbeharra. Zumarragatik Beasainerantz zihoan kamioia; irauli eta zeharkatuta geratu da trailerra. Bi norazkoetako trafikoa etenda dago. Gi-2632 errepidetik, lehenagoko Ormaiztegi-Zumarraga bidetik, ari da Ertzaintza zirkulazioa desbideratzen.
2007-11-22 | 11:24:36
Organo kontzertua izango da igandean Gabiriako elizan
Giampaolo di Rosa organojole italiarrak joko du 1804ko organoan
Urtean zehar Gabiriako eliza nagusiko organoan egiten diren saioek igande honetan, azaroak 25, izango dute jarraipena. Gipuzkoako Organozale Elkarteak antolatuta, Giampaolo di Rosa organista, ikertzaile eta konposatzaile italiarraren musika entzun ahalko da organo zaharrean, 1804an eraikia eta orain dela gutxi zaharberritua.
2007-11-13 | 12:28:15
Jubilatuen egunean bi gabiriar omendu dituzte
Igandean ospatu zuten eguna, 70 lagun elkartuta
Gabiriako jubilatuen egunean Katarain baserriko Joxepa Arriola eta Zandategiko Patxi Lasa omendu zituzten, bazkaritan ziren eta aurretik oroigarririk jaso ez zuten adintsuenak izateagatik. Eguerdiko mezaren ondoren Goruntz dantza taldeak saioa eskaini zien herriko jubilatuei eta erretiratuei. Ondoren Ostatu jatetxean 70 bat lagun bildu ziren, Udaleko ordezkariekin batera, urteko festa ospatzeko. Musika eta kantu artean alaitu zuten bazkalondoa.
2007-10-01 | 12:42:08
Telefono hariak lapurtzen saiatzeagatik gizonezko bat atxilotu dute
Zaldibian 200 bezero telefono zerbitzurik gabe daude, beste lapurreta baten eraginez
Gabiriako udal barrutian 45 urteko JC.V.V. gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak herenegun (larunbata) arratsaldean, telefono lineako hariak lapurtu dituelakoan. Atxilotuarekin batera kide gehiago ere bazeuden, baina ihes egitea lortu zuten. Beasaingo ertzainetxean aurreneko dilijentziak egin ondoren libre geratu zen. Bestetik, atzo (igandea) beste lapurreta bat izan da Zaldibian. Han ere haria harrapatu dute, eta 200 bezero telefono eta internet zerbitzurik gabe geratu dira.
2006-10-31 | 20:41:37
Bi gazte larriki zauritu dira Gabirian izandako auto istripu batean
Bihurgune batean errepidetik irten eta zuhaitza jo dute; oso bortitza izan da kolpea
Gaur 18:50ean Gabiriarako igoeran gertatu den trafiko istripu batean bi gaztek oso zauri larriak jasan dituzte. Gi-3381 errepidean, Ormaiztegitik Gabiriarako bidean, herrigunera iristeko kilometro baten faltan, bi zaurituak zihoazen Gasteizko matrikuladun Seat Ibiza bidetik irten da eta zuhaitza jo du. Oso bortitza izan da kolpea.
2006-03-20 | 13:17:44
Barandiaran eta Martin sailkatu dira Osinalderako
Aztiriko kanporaketako entzuleen saria ere Alaia Martinek lortu zuen
Sei bertsolari gaztek jardun zuten bertsotan Aztiri bertso sariketan. Epaimahaikideen erabakiz, Aitzol Barandiaran ataundarra eta Alaia Martin oiartzuarra sailkatu ziren Gabirian jokatuko den Osinalde sariketarako. Aztiri Bat elkartean bildu ziren entzuleek Martin aukeratu zuten. Antolatzaileek "nahiko saio ona, orekatua" izan zela adierazi dute.
Festak
---
ORDIZIA, Ordizia - 2008-07-25
Festak
Santa Ana jaietako egitaraua
ORDIZIA, Ordizianko Gaztetxean eta Txosna gunean - 2008-07-18
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.