
Uxue Alberdik irabazi du bertsolari gazteen XXXVII. Osinalde Sariketa
Gabiria Entzuleen gustuko bertsolaria Soto izan zen, eta bertsorik onena Martinek bota zuen epaimahaikoen ustez.
e. gorrotxategi -- e. imaz
Bertsolari gazteen XXXVII. Osinalde Sariketako irabazlea Uxue Alberdi da, larunbat gauean Gabiriako Osinalde elkartean izandako final nagusia irabazita gero. Gutxitan gertatzen bada ere, entzuleen gustuko bertsolaria eta epaileek irabazletzat jo zutena ez ziren berak izan: entzuleen iritziz kartzelakoan lanik onena egin zuen bertsolaria Julio Soto izan zen. Saioko bertsorik onenaren garaikurra Alaia Martinentzat izan zen, kartzelakoan Giltza hitzari botatako bertsoarengatik.
Osinalde sariko final nagusian Aztirian sailkatutako Julio Soto (Gorriti) eta Unai Gaztelumendi (Añorga), Ordiziako Argi Berrin sailkatutako Oier Aizpurua (Zarautz) eta Alaia Martin (Oiartzun) eta Idiazabalgo Axarin sailkatutako Maialen Velarde (Zumaia) eta Uxue Alberdi (Elgoibar) izan ziren. Jokin Muruak emandako gaiei erantzun zieten sei gazteek. Koplatan, berriz, Joseba Iztueta eta Iban Maiz trikitilari bikote gazte gabiriarraren laguntza izan zuten.
Jende ugari bildu zen elkartean
Afaltzen ehun eta hamar lagun izan ziren. Saioa entzutera oraindik jende gehiago hurbildu zen. Gazteak eta helduak, denetarikoak ziren entzuleak, eta sei gazteen saiakera eta ahalegina estimatzeko txalo zaparrada ugari eskaini zuten gauean zehar. Gabiriakoez gain, inguruko herrietatik etorritako jendea ere bildu zen, baita aurten Osinalderako txartela eskuratzeko ahaleginetan aritutako zenbait bertsolari ere.
Apirilaren 5ean Aztirin eman zitzaion Osinalderako ibilbideari hasiera. Ordiziako Argi Berri saria apirilaren 12an jokatu zen eta 18an Idiazabalgo Axari saria izan zen, Osinalderako saio baliagarria eta hirugarren kanporaketa. Aipatu saio bakoitzeko bina sailkatu bilduta, larunbateko final nagusiarekin jokatu zen Osinalde sariketa.
Saio guztiek izan dute bere puntu gorena, eta finalak ere izan zuen: bitxikeria modura, Osinalde elkarteko argia joan eta Unai Gaztelumendik bi bertso ilunpean bota zituen. Egoera gaiarekin lotzeko baliatu zuen. Gaiak honela zioen: «Parrandatik etxera itzuli eta zure ohean bi neska aurkitu dituzu». Gaztelumendik, «ekinean Gabiriako bonbilla denak funditu» zituztela kantatu zuen. Eten txiki baten ondoren, eta argiak joateko beste keinuren bat edo beste egin bazuen ere, bere onera itzuli zenean saioak aurrera egin zuen normaltasun osoz.
Julio Sotok eta Uxue Alberdik bikotekako ariketan botatako hiruna bertsoek ere arrakasta izan zuten. Jarri zieten gaia bera ere umore puntuan egindakoa zen: «Uxue goizean aurpegian grano ugari duela esnatu da, eta Julio arkakusoa burukoan lo geratu da». Barre algara ugari eragin zuten bi gazteen ateraldiek.
Bertsolari guztien jarduna izan da «aipagarria»
Sagastizabal Igogailuek eskaintzen duten bertsorik onenaren garaikurra Martinek eskuratuta, Gabiriako Ostatu jatetxeak eskaintzen duen entzuleek aukeratutakoaren saria Sotok erdietsita, eta Osinalde elkarteak ematen duen Osinalde Sariketako irabazlearen saria Alberdik lortuta etxeratu baziren ere, hiru kanporaketetan bidean izan diren bertsolari gazte guztien jarduna aipatzekoa izan da.
Saioaren bukaeran errifen zozketari ekin zioten. Lehenengo saria, lau afari Ostatuan edo Kortan edo 250 euro, 721 zenbakiari egokitu zaio. Bigarrena, bi afari edo 150 euro, 430 zenbakiari. Antolatzaileek txartelak erosi dituztenei ondo begiratzeko eskatu diete.
Bertsolari gazteen 37. Osinalde Sariketa larunbatean eman zuten amaitutzat, baina datorren urtea, 38. Osinalde sariketan, beste 18 gazteren jardunaz gozatzeko aukera izango dela aurreratu dute.
Ikastaroa
Altzari zaharberritze,egur taila eta egur pintaketa ikastaroak
GABIRIA, Gabirian,Amalur tailerrean - 2008-10-14
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.