
Aztirian Santa Marina jaiak ospatuko dituzte bihartik igandera bitartean
Gabiria Bihar ospatuko dute Santa Marina eguna, kanpaiekin eta suziriekin festa hasiz; gauean auzo afaria egingo dute.
estitxu imaz
Bihar goizean kanpai joaldia eta suziri jaurtiketarekin emango diote hasiera Santa Marina jaiei Aztirian. Igandera bitartean ekitaldi askorekin gozatzeko aukera izango dute Gabiria, Legazpi eta Mutiloaren muga-mugan dagoen auzoan.
Aztiriko festetako egitaraua gehienbat kirol ekitaldien, jan edanaren eta musikaren bueltan izango da, Aztiri Bat elkarteak antolatuta. Jan-edanari dagokionez, festen lehen egunean, bihar, salda eta beste hainbat jaki goxo dastatu ahal izango dira Aztiri Bat elkartean. Gauean auzo afaria egingo dute, eta larunbatean patata tortilla txapelketaren txanda izango da, aurten 13. aldia duena.
Musika ekitaldietan trikiti doinurik ez da faltako. Bihar eguerdi partean Katain eta Eguzkitza trikitilari gabiriarrak arduratuko dira giroa berotzeaz. Gaueko afarian Benta Lehor jatetxean Jesusen Jazpana izango da. Larunbat arratsaldean eta gauean bertsoak eta erromeria uztartuko dituzte Kupela taldeko kideekin, Narbaiza eta Larrañaga bertsotan jarrita.
Igande goizean txistulariak izango dira protagonistak. Eguerdian bertsoak eta musika batuko dira, Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin bertsolarien eta Andoni Larrañaga eta Ion Ansorregi trikitilarien eskutik. Arratsalde eta gauean ere ez da musikarik faltako.
Kirolarekin lotutako ekitaldi asko dago egitarauan. Bihar eguerdian herri-kirolen artean idi proba egingo da, eta ondoren bola eta toka lehiaketak izango dira auzotarrentzat.
Etzi Gainzabal zelaian helduen eta gazteen arteko futbol partidaz gozatzeko aukera izango dute, bai bertan parte hartuko dutenek, baita haiei begira daudenek ere. Arratsalde partean bola eta toka lehiaketak egingo dituzte berriz.
Igande goizean Aztiriko IV. Mendi Lasterketa jokatuko da. Batez ere Goierriko kirolariek parte hartu ohi dute, eta giro polita sortzen da. Mendi lasterketako sari banaketa eguerdiko ordubatean egingo dute antolatzaileek.
Arratsaldeko 18:30ean hasita herri-kirol saioa izango da. Lehendabizi asto lasterketa egingo dute; ondorenUgarteburu eta Esnaola aizkoran lehiatuko dira, Maider Manzisidor eta Lurdes Galarregi trontzan, eta Mieltxo Saralegik harria izango du aurkari.
19:00etan Gipuzkoa mailako bola txapelketari emango diote hasiera, plazako bolatoki irekian.
Horrenbestez musika, jan-edana eta kirola gustuko dituenak Aztirira hurbiltzea beste lanik ez du bihartik igandera bitartean. Auzo txikia izan arren giro ona ziurtatuta dagoela diote bertakoek.
############
egitaraua
Bihar, ostirala 10:45. Kanpai joaldia eta suziri jaurtiketa.
11:00. Meza nagusia.
Ondoren. Salda eta mokaduak Aztiri Bat elkartean. Katain eta Eguzkitza trikitilariak. 12:30. Idi proba erakustaldia.
17:30. Ume jolasak eta txokolate jatea.
19:00. Bola eta toka lehiaketak auzotarrentzat.
21:00. Auzo afaria Jesusen Jaz-panak alaituta.
Etzi, larunbata
16:30. Helduen eta gazteen arteko futbol partida Gainzabal zelaian.
18:00. Aztiriko XIII. Patata Tortilla Lehiaketa. Bukaeran pintxo eta ardo banaketa.
19:00. Bola eta toka lehiaketak.
Arratsaldean eta gauean. Bertsoak eta erromeria.
Igandea
09:00. Goiz eresia Gabiriako txistulariekin.
11:00. Meza nagusia eta Aztiriko IV. Mendi Lasterketaren irteera.
12:30. Gabiriako Goruntz dantza taldearen saioa.
13:00. Mendi lasterketako sari banaketa. Ondoren Zubeldia eta Urdangarin bertsolariak eta Larrañaga eta Ansorregi trikitilariak.
17:30. Trikitilariak eta bertsolariak.
18:30. Asto lasterketa eta herri-kirol erakustaldia.
19:00. Gipuzkoa mailako bola txapelketa.
Goizaldera arte. Trikitilariak.
############
Jokoak
Ume-jolasak
BEASAIN, Gernika pasealekuan - 2008-10-11
Musika
Musika kontzertua
URRETXU, Urretxu Zumarragako gaztetxean - 2008-10-11
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.