
Gabiriako Ostatua kanpoaldetik berritzeko lanak egiten ari dira
Gabiria Frontoiaren aldamenean gizon zein emakumezkoentzako komunak eta dutxak ere ari dira eraikitzen.
estitxu imaz
Gabiriako Ostatuaren aurrealdea berritzen ari dira uztailaren bigarren astetik. Abuzturako, herriko jaietarako, lanak bukatuta egongo direla aurreikusten dute.
Ainhoa Aizpuru Gabiriako alkateak jakitera eman duenez lan horien helburua Ostatuaren fatxada janztea da. Horretarako lan desberdinak ari dira egiten. Ostatuak hiru solairu dauzka eta eraikuntzak berak duen harria ari dira bistan uzten lehen solairura arte. Harri hori bera garbitzen eta txukuntzen ere ari dira.
Ostatuaren aurrealdea berritzearekin batera etxearen leihoak aldatu dituzte, eta sukaldeko instalazioetan berrikuntzak egiten ere ari dira. Aizpururen hitzetan behin lan horiek bukatuta Ostatua pintatu egingo dute kanpoaldetik.
Ostatuko lanak egiten gremio desberdinek dihardute: igeltseroek, arotzek, pintoreek...
Lanek guztira 60.000 euro inguruko aurrekontua dute, eta Gabiriako Udalak ordainduko du bere osotasunean.
Alkatearen esanetan aurrera begira Ostatuan zerbitzu gehiago emateko asmoa dute, baina Gabiria herri txikia izanik faseka egin beharko dituzte lanak.
Hurrengo fase batean Ostatuko bigarren solairuan obrak egitea dute aurreikusita, eta kanpoko jendearentzat logela edo ostatu eskaintza jartzea ere bai.
Frontoiaren aldamenean aldagelak ari dira egiten
Ostatuko lanez gain frontoiaren aldamenean ere ari dira obrak egiten; aldagelak erakitzen, hain zuzen. Lanak Oralur eraikuntza enpresak hartu ditu bere gain.
Frontoi inguruan bina bizitzako zazpi etxe eraiki dituzte, guztira 14 etxebizitza. Etxeak eraiki dituen enpresak lur eremu hori urbanizatzeko lanak ere egin ditu, eta Udalak lan horiek aprobetxatuz frontoiaren aldamenean dagoen aretoan aldagelak eraikitzea erabaki du. Lan horiek ere festetarako bukatuta edukitzea espero dute.
Behin amaitutakoan Gabiriako Alkainburu pilotalekuaren aldamenean gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako dutxak eta komunak izango dira.
Lan horien aurrekontua 40.000 eurokoa da, eta Udalak bere gain hartuko du aurrekontua.
Aldagelak herritarrei erakutsiko zaizkie
Abuztuaren 14an, Andra Mari bezperan, frontoian aldagela berriak daudela herritarrei jakinarazteko eta ikusteko aukera emateko helburuarekin mokadutxoa antolatu du Udalak. Mokadua aldagela berrien aurrean, urbanizazio berrian egingo da arratsaldean, ordurako antolatutako herri-kirol saioaren tartean.
Musika
Triki-afaria
LAZKAO, Maizpideko jangelan - 2008-08-28
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.