Edukira joan

Goierriko Hitza

Gabiria
2008ko urriak 11, Larunbata

;2008-07-22;JAIAK. Juanjo Igartzabal nagusi Aztirian

Juanjo Igartzabal nagusi Aztirian

Gabiria Aztiriko jaien azken eguna, herenegun, dantza saioak, asto lasterketak, herri kirolek eta Gipuzkoa mailako bola txapelketak jantzi dute.

estitxu imaz

Gabiriako txistularien goiz eresiaren ondoren eman zioten hasiera Goierri Garaia Atletismo Taldekoek Aztiriko IV. Mendi Lasterketari, herenegun. Gizonezkoetan erraz irabazi zuen Juanjo Igartzabal zumarragarrak. Ia ibilbide osoan (11,5 kilometro) bakarrik joan zen, eta 47 minutu eta 36 segundo behar izan zituen helmugan sartzeko. Iaz ere Igartzabalek irabazi zuen, baina aurten iaz baino 6 segundo lehenago iritsi da. Igartzabalek ondo ezagutzen ditu bazter horiek guztiak, Aztiriko jatorria baitu guraso baten aldetik. Bigarren Zigor Iturrieta hernaniarrak egin zuen, eta hirugarren Ezkio-Itsasoko Jose Mari Narraspek.

Emakumezkoetan Lurdes Intxausti izan zen helmugan sartzen lehena. Ordu bat, 5 minutu eta 50 segundo behar izan zituen lana bukatzeko. Bigarren Pilar Arriola sailkatu zen denbora berarekin, eta hirugarren Aintzine Kerejeta.

Lurdes Intxaustiri lore sorta bat eman zioten aztiriarrek, Mikel Garmendia bere senar zenaren omenez. Hunkituta hartu zuen detailea idiazabaldarrak.

Partaidetza, iazko antzera

Iazko korrikalari kopuru beretsua izan du aurtengo probak. Iaz 32 korrikalari izan ziren eta aurten 37. Gehienak goierritarrak ziren; Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Urretxu, Zegama, Idiazabal, Legazpi, Segura, Beasain eta Lazkaotik joandakoak. Bazeuden, ordea, Hernani, Azkoitia, Oñati eta Elgoibardik etorritako korrikalari batzuk ere. Guztiek bukatu zuten ibilbidea.

Eguraldiaren aldetik ez zuten babes handiegirik izan. Lanbroa izan zuten bidailagun denbora guztian, eta irrist egiteko arriskua handia zen. Ez zen ordea erorketa larririk izan.

Lasterketaren ondoren antolatzaileek mokadutxoa zuten prestatuta parte-hartzaileentzat.

Festa egun osoan zehar

Lasterketa bukatu ondoren egun osoan zehar iraun zuen festa giroak Aztirian.

Eguerdian Gabiriako Goruntz dantza taldekoek saioa eskaini zuten bertako plazan. Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin ziren bertsotan, ohikoa denez. Hasieran saio librea egin zuten eta ondoren Jokin Matxinandiarenak jarritako gaiei erantzun zien bi gazteek. Giroa berotzen laguntzeko Andoni Larrañaga eta Ion Ansorregi trikitilariak ere gonbidatu zituzten, bai eguerdian, bai arratsaldean.

Arratsaldean trikitilari eta bertsolarien jarduna eta gero asto lasterketa egin zuten, hamar bat astorekin. Giro ona jarri zuten lasterketan parte hartu zutenek; begira ere jende asko zegoen. Gero, herri kirol saioa eta bola txapelketa ere egin zituzten bolatoki zaharrean.

############

############

sailkapena

Gizonezkoak.

1. Juanjo Igarzabal 47:36

2. Zigor Iturrieta 50:37

3. Jose Mari Narraspe 50:39

4. Ricardo Veleda 50:55

5. Iker Elorza 51:20

6. Iker Zurutuza 52:36

7. Lake Oiarbide 52:56

8. Beñat Urzelai 53:36

9. Ricardo Perez 54:38

10. Santiago Benitez 55:17

11. Mikel Elgarresta 56:03

12. David Redondo 56:17

13. J. Antonio Seño 56:33

14. Iker Iztueta 56:52

15. Xabier Salillas 57:02

16. Iñaki Narraspe 57:11

17. Iñaki Ganiuza 57:29

18. Raul Montiel 57:49

Emakumezkoak.

1. Lurdes Intxausti 1:05:50

2. Pilar Arriola 1:05:50

3. Aintzine Kerejeta 1:09:01

4. Maider Balenziaga 1:14:40

############

Agenda

Erakusketa

'Argizaiola 2008' argazki erakusketaren inaugurazioa
BEASAIN, Usurbe Antzokiko Erakusketa Aretoa - 2008-10-11

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.